Martinek iparraldeko tarot-a aurkezten du lurraldean
Nor zira zu? Zer egiten duzu? eta Zergatik?
Denboraldiko artistekin topaketak, kultura sortzaileen ikuspundutik deskubritzeko.
2 urte topaketa eta ikerketa betea eta gero, Martinek bere Iparraldeko Tarot-a aurkeztuko du 3 ikuskizuneetan lurraldean, azaroaren 17an, Donazaharren, azaroaren 19an Hendaian eta azaroaren 20an Donapaleun.
Bere sorkuntza prozesua deskubritzeko, Emilie, Midi à l'ouest konpainiaren antzezlearekin topaketa egin dugu.
NOR ZIRA?
Emilie naiz, karrikako antzerkiko jokalaria, pailazoa, ele-melekaria. Eta idazlea ere. Luzaz nomada izan nintzen, eta, gero, Midi à l’Ouest izeneko ene konpainia finkatu nuen, Itsas Charente departamenduko Courçon herrian, Poitouko paduran. Handik hurbil bizi naiz, Vendée hegoaldean. Mugaz gaindikoa naiz ni ere, gisa batez.
Bestela, beste konpainia batzuetan antzezten dut ere, hala nola La Piste à Dansoire (dantza modernoa egiten dugu, dantza- eta kalaka-animatzaileekin, zuzeneko orkestra eta musika-konposizioekin) edo l’Agence Nationale de Psychanalyse Urbaine (lurraldeak ohexkan etzanarazten ditugu). Taldekako eta bakarkako lana, biak gustatzen zaizkit. Oreka istorio da.
ZER EGITEN DUZU?
Martine, voyante des territoires "lurralde-proiektu" bat da, gure hizkeran diogun bezala. Istorioak idazten ditut gomitatzen nauten lekuetan eta nire pertsonaia gogokoenean oinarrituz: Martine, tarot kartak irakurtzen dituen baserrialdeko igarlea. Lehen ikuskizun batean, jendeari irakurtzen zizkion. Orain, bere jakintza eskaintzen dio kontsulta egitera datorren lekuari, leku hura pertsona bat balitz bezala. Hori da Lekuko tarota.
Tranpa egiten dut, bistan da. Lehen-lehenik, lurraldea zeharkatu eta lekuko adituak galdekatzen ditut (ikertzaileak, tokiko eragileak, teknikariak, hautetsiak, herritarrak...). Lanaren inkesta partea da, eta hau egiten dut lehenik, detektibe batek bezala. Konfinamendu garaian, bideokonferentziak egin nituen ere.
Ondotik, 5 karta hautatu eta testua idazten dut: Martinek emanaldi publiko batean aurkeztuko duen tarot inkestaren ondorioei buruzkoa.
Horrek, lekuaren nortasunaren kontakizun sinboliko eta filosofiko bat ematen du, eta aztarna, argazki, froga, aditu eta lekukotasunak biltzen dituen dokumentu-inkesta umoretsu baten kontakizuna ere!
Amélie Jackowski ilustratzailearekin lan egiten dut ere. Leku bateko tarota, Marseillako tarotaren arabera ilustratuak diren 5 karta dira, baina karta horietan dokumentu-inkestan bildu xehetasun, sinbolo eta koloreak gehitzen dira.
Joan den urtarrilan aurkeztua izan behar zen baina azkenean azaroan aurkeztuko dut lurraldeko bira ttipi batean.
ZERGATIK EGITEN DUZU?
Izan ere, pailazo eta karrikako artista gisa, espazio publikoan esperimentatu nahi nuen, antzerkilariaren jokoa eta "bufoi sakratuaren" pertsonaia eztabaida publikoaren zerbitzura jarri nahi nituen. Nire lanaren alderdi politikoa berriz piztu nahi nuen. Ez naiz politikarien politika hutsalaz ari, baizik eta hiriko bizia antolatzeko eginkizuna duen politikaz.
Aldaketa garaia bizi dugu. NOTRe legeak administrazioaren antolaketa kanbiatu du, eta tokian tokiko gobernantza moldeak zalantzan ezartzen ditu.
Eta, zabalago, mundu mailako inarrosaldiek, klima aldaketak eta belaunaldien pasatzeak ikaragarri zailtzen dute epe luzeko ikuspegia izatea. Mundua aldatzen ari da, eta gu?
Gure ohiturak zalantzan ezarri behar ditugu. Gure historiari buruzko puntua egin behar dugu. Gure orainaren eroaldia gelditu behar dugu, hortik zer hozitzen den ikusteko, etorkizunean hobeki errotzen ahalko baita hala. Tarotean, ez dago lerro zuzenik. Iraganeko, oraingo eta etorkizuneko historia ziklo gisa irakurtzen da. Ziklo horien arrosa figurak nahastekatzen dira eta elkar argiztatzen dute.
Sakonago, Lekuko tarotak "bizi" hitzaren gaia bera auzitan jartzen du: zer erran nahi du toki batean bizitzeak, hemen bizitzeak? Kontua ez da bizi-espazio bat kontsumitzea, baizik eta leku batean errotzea eta lekuaren parte izatea.
Xehetasun gehiago:
- Martinek bere Tarot-a aurkezten du lurraldeko 3 hirritan, zatozte ikustera!
- Xehetasun gehio konpainiaren orrialdean
- HVDZ konpainiak Donapaleuko herria eszena gainean ematen du
- Travesia présente Horizons de cirque