Artistak haurrekin lanean: antzerkia ikastetxeetara dakartelarik
Hecho en casa konpainiaren eta Hendaiako ikasleen arteko topaketari buruzko bilana, irudien eta hitzen bidez.
Hiru urtez, Hecho en casa konpainiak Nom de code : Marichiweu izeneko bere sorkuntza berria prestatuko du, Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzarekin.
Diptiko baten moldean aurkeztuko den ikuskizun honek erresistentziaren eta erbestearen gaiak jorratuko ditu, 1970eko hamarkadako Txileko diktaduraren testuinguruan.
Lehen atalak Santiagon murgilduko gaitu, 1974an, Luis Barrales antzerkigile txiletarrak egin duen Antonio Skarmetaren La Composición albumaren egokitzapenari esker. Gero, bigarren atalak Frantziako errepideetara eramanen gaitu, hamar urte berantago, Alice eta bere buraso errefuxiatu politikoen historia kontatuz. Sylvain Levey idazleak idatzia, bigarren atal honek Alice pour le moment du izena.
Prozesu luze baten lehen zatia
Jendeetarik ahal bezain hurbil den antzerkia sustatzen duenez, konpainiak haur eta gazteekin landu nahi izan du gaia. Horretarako, Hendaiako Robert Boulaert eskolako hirugarren urteko ikastalde batekin eta Denentzat gizarte-zentroko haur talde batekin elkartu zen, 2023ko azaroaren 6tik 13ra egin zen lehen egonaldi astean.
Hala, alde batetik, gizarte-zentroan tailerrak eta ikuskizunaren irakurketa antzeztua antolatu ziren.
Bestetik, hirugarren urteko ikastaldearekin egindako lana “artistes en immersion” izeneko baliabide berezi baten parte zen. Baliabide horrek egoera, leku edo talde batekin luzaz lan egitea proposatzen die artistei, osoki murgildurik, gaiak sakonki landu ahal izateko.
Proiektu honen kasuan, ikasleek sorkuntza-prozesua hastetik buru ikusten eta bizitzen dute, tailer, topaketa eta errepetizioen bidez, hiru urtez, 2025ean edo 2026an iraganen den ikuskizunaren lehen emanaldi publiko arte. Iraupen luzeko lankidetza horretarako, konpainiak gai jakin baten inguruan lan egitea hautatu du ikasturte bakoitzean. Lehen fase honetarako, diktadura da haurrekin lantzen den gai. Gai hori Equipo Plantel eta Mikel Cazalen Así es la dictadura haur eta gazteen albuma irakurriz lantzen hasi ziren, eta ondotik, Luis Barrales antzerkigilea etorri zen, haiekin lehenik idazketa lantzeko, gero taularatzea eta azkenik gertaldi laburren interpretazioa. Egonaldiaren astean La composición albuma irakurri zen, eta bi ikaslek parte hartu zuten horretan, antzerki jokalari profesionalekin batera. Azkenik, talde artistikoarekin eta antzerki lanaren egilearekin solasean ari izan ziren.
Azpimarratzekoa da ere, ikastaldearekin egindako lanaz haratago, egonaldiak eskola osoari egin ziola fabore, “zapalduaren antzerkiaren” teknikaren inguruko lana egin zelako ikastalde guziekin.
Begi ukaldi bat ondoko zatiari
Egonaldiaren bigarren zatia urtarrilaren 8tik 13ra iraganen da, Mendi Zolanen, antzerki jokalarien talde osoarekin.
Egonaldi horretan, eskolako ikasleak errepetizio bat ikustera joanen dira, sorkuntza-lanaren aitzinamenduaz ohartzeko. Gainera, ikuskizunari dagozkion gaien inguruan lan egiten segituko dute ikasgelan, eta kultura-ateraldiak eginen dituzte (antzerkia eta zinema) beren gogoeta aberasteko. Proiektuaren bigarren zati hori bururatzeko, Mendi Zolan kultur zentroan, urtarrilaren 12an, ostiralean, 18:30ean, sorkuntza egonaldi bukaerako emanaldia aurkeztuko dute, denentzat eta urririk.
- Elkarrizketa Hecho en casa konpainiari
- La Machine à Pinguin konpainia Jatsuko eskolan