Elkarrizketa Hecho en casa konpainiari

Nor zara? Zer egiten duzu? Zergatik egiten duzu?

Denboraldi honetako artistei egin elkarrizketak, kultura ezagutzeko, sortzaileen ikuspegitik.

 

2023-2024ko denboraldian, Hecho en casa konpainia lurraldeko gazteekin elkartuko da bi aldiz, haiekin lantzeko 2025-2026ko denboraldian aurkeztuko duen sorkuntza berria: Nom de Code : Marichiweu.

 

Euskal Elkargoaren ikuskizun-denboraldiak hiru ardatz nagusi ditu: hedapena, sorkuntza eta bitartekaritza. Epe luzerako hainbat proiekturen bidez, Euskal Elkargoaren helburua da artearen eta gazteriaren arteko lotura sortzea, artearen bidez herritarren ametsak elikatu eta izpiritua ernetzeko. Profesionalen eta gazteriaren arteko topaketek, halaber, gazteetan inspiratzeko eta haien nahiak eta kezkak ezagutzeko ahala ematen die konpainiei.

 

Anbizio horri jarraikiz, Hecho en casa konpainiaren egonaldi-proiektuak, sorkuntza eta bitartekaritza uztartzen dituenak, Hendaiako Robert Boulaert eskolako hirugarren urtekoak gomitatuko ditu sorkuntza-prozesuan parte hartzera, tailer, topaketa, entsegu eta irakurketen bidez, bi urtez, ikuskizuna sortu arte.

 

Lehen fasea azaroaren 6tik 14ra hasiko da. Egun horietan, praktika-tailerrak proposatuko dizkie konpainiak ikasleei eta Denentzat gizarte-zentroko gazteei.

 

Proiektu hau hasieratik segitzeko, artistei galdegin diegu gure hiru galdera sinpleei erantzutea –Nor zara? Zer egiten duzu? Zergatik?–, haien sorkuntzari eta gazteekin lan egiteko nahiari buruz gehiago jakiteko.

Nor zara?

 

Euskal Herrian plantatua den "Hecho en casa" konpainia frantziar eta txiletarrak biltzen ditu ingurumen desberdinetatik datozen artistak. Istorio moldatzaile horiek denetan sudurra sartzen dute: antzerkia, idazketa, dantza edo musika. Saiatzen dira esperimentatzen eta adierazpideak berriz asmatzen, errealitatea inarrosteko, gizakiari behako kritikoa eskainiz. Beren proiektuetan idatzi, taularatu eta antzezten dute, etxe bat gelaz gela eraikitzen den bezala.

Bazter nahasle horiek beti prest dira ikerketa artistikorako, baina baita bitartekaritzarako ere. Haurrentzako eta familientzako hainbat sorkuntzaren bidez, haurtzaroko munduaz gogoeta egiten du konpainiak. Batzuetan ez da hain zintzoa, eta, orduan, helduentzat, etengabe aldatzen ari den gizarte baten alderdi gordeak aztertzen ditu.

Ongi etorri gure etxera; hemen zure etxean zaude! Atea jo gabe sar zaitezke!

Zer egiten duzu?

 

Lantzen ari garen sorkuntza deitzen da NOM DE CODE : MARICHIWEU (Dix et mille fois nous nous relèverons)

Erresistentziaren inguruko diptiko bat da, erran nahi du pi partetan zatitua dela pieza hori.

 

Idazketa manatu diegu Luis Barralesi (Txile) eta Sylvain Leveyri (Frantzia) idazleei.

 

Irudika dezagun distopia bat. Erabateko kontrolpean dagoen fikziozko gizarte bat.

Irudika dezagun zinema-estudio handi bat. Hor, Hollywoodeko filmen moduko dekoratuen atzean lan egiten dute teknikari batzuek. Zinemagintzako langileak dira, eta diktaduraren propagandari laguntzen dioten film komertzialen filmaketan parte hartzen dute.

Irudika dezagun gizon eta emakume talde honek utopia berpiztu nahi duela sorkuntzaren bidez.

Irudika dezagun erresistentzia bat antolatzen dela. Langile hauek klandestinoki deitzen dituzte ikusleak, Txileko historian oinarritutako bi antzerki lan aurkezteko. Antzerkian ari dira, ahal bezala, zinemako baliabideekin, estudioak gauaz ateak hesten dituelarik.

Irudika dezagun Augusto Pinocheten diktadura militarraren hamazazpi urteetako herritarren bi istorio kontatzen dizkigutela.

Bi aukera daude horri buru egiteko. Zer egin, egon edo joan?

Zergatik hautatu duzue erresistentziaren gaia?

 

2020ko urtarrilean, estudio-bidaia batean, Pyrenart* programaren parte gisa, Txileko Santiago a Mil** jaialdian, herrialde hartan krisi sozial larria zegoelarik –1990ean diktadura amaitu zenetik garrantzitsuena–, orduan sentitu genuen gure hurrengo sorkuntzak erresistentziarekin zerikusia duten gaien aldera bideratzeko beharra.

Santiago a Mil jaialdia proposamen artistikoz beteta zegoen momentu berean, beste ikuskizun bat zegoen: karrikakoa, manifestazioena, hiriburua azkarki hunki zuen haserre sozialaren leherketarena.

Santiagon metro-billetearen prezioa emendatzearen ondorioz piztu zen krisia. Baina, herritarrek desberdintasun sozioekonomiko sakonen aitzinean zuten haserreak eragin zuen krisia, funtsean. Hezkuntza, osasun, pentsio eta abarren inguruko aldarrikapen historikoak gehitu ziren ondotik.

Giza eskubideak urratzearen inguruko egoera kezkagarriak ikusi ziren. Hainbat gertakaritan 22 pertsonak galdu zuten bizia. Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuaren arabera, 3.583 pertsona zauritu ziren. Begietako traumatismoak izan ziren publikoki gehien salatutako kasuak.

Manifestazioak oso anitzak izan ziren, protesta espontaneoetatik hasi –hala nola “cacerolazos” (eltzealdiak)– eta eremu publikoan hainbat topaketa-mota antolatzeraino, batzuetan oso sortzaileak.

Behaketa horietatik, berehala ulertu genuen erresistentziaz hitz egin nahi genuela sorkuntzaren bidez, eta nahi genuela ere Stéphane Frédéric Hessel*** erresistente, idazle eta militantearen aiputik abiatu: “Sortzea zerbaiti buru egitea da. Eta zerbaiti buru egitea, sortzea”.

Aipu hori erabili dugu zinezko behar humanista dirudiena azpimarratzeko: sormena.

Betidanik, istorioek eta kontakizunek eragin dituzte mutazio filosofiko, etiko, politiko eta abar handienak. Beraz, kontakizunen bidez has dezakegu egiazko "iraultza" bat.

 

*Pirinioetako bi aldeetako bederatzi kultura-erakunde elkartu dira Pyrenart sortzeko –Interreg POCTEFA Europako programaren parte gisa hautatutako proiektua–, Pirinioetako mugaz gaindiko lurraldeko ikuskizun biziaren adarra nazioartean garatzeko eta indartzeko xedez.

** Santiago a Mil Nazioarteko Jaialdia arte eszenikoen festibal bat da, urtero antolatzen dena Txilen, urtarrilean, batez ere Santiagon. Teatro a Mil Fundazioak antolatzen du. 1994an sortu zenetik, bost kontinenteetako 48 herrialdetako 1.677 ikuskizun aurkeztu dira han, eta 11 milioi ikusle inguru bildu.

***Erresistentziaren Kontseilu Nazionaleko kideek egindako deialdi ospetsu batetik dator esaldi hori, eta Stéphane Frédéric Hessel-ek "Haserretu zaitezte!" saiakeran berriz aipatu zuen.

Zergatik lan egin ikasleekin eta gizarte-zentro bateko gazteekin?

 

Kultura-bitartekaritza da gure urraspidearen zinezko DNA, sorkuntzaren parte baita osoki.

Erresistentziaren gaia publiko zabalago batekin gogoetatzeko parada da, proiektuari zentzua ematen dion lurralde batean.

Hainbat galderaren inguruan hausnartuko dugu: Zer erran nahi du zerbaiti buru egiteak? Zer egiteko prest eta gai gara orduan? Zeri buru egin, nori? Eta beharrezkoa ote da?

Gure ikerketak praktikaren bidez transmitituko ditugu, eta haurren, gazteen, irakasleen edo animatzaileen materiaz elikatuko gara.

Ikastalde batekin hiru urtez elkarlanean arituko gara, ikasle horiekin hazi eta ikuskizun bat sortu eta fabrikatzeko prozesuan elkarrekin bide egiteko, hots, haiek etapa guziak ezagutzeko, antzerki lan bat idazten denetik azken errealizaziora arte.