Dr Troll konpainiarekin eleketan

Nor zira ? Zer egiten duzu ? Eta zergatik ?

 

Denboraldiko artistekin topaketak, kultura sortzaileen ikuspundutik deskubritzeko.

 

Euskal Elkargoko kultura zerbitzuaren aspaldiko partaidea da Dr Troll konpainia. Gabadiko herriko salan bi asteko egonaldia egiten ari da, La Guinguette Magique izeneko ikuskizun berriaren inguruan lan egiteko. 

Karabana bat. Mahaiak eta kadirak, jatetxeko terraza batean bezala. Hala, ikusleari Dr Troll-en magia menu batean proposatzen zaio. Ikuskizun honen helburu nagusia da lagun artea eta hurbiltasuna sustatzea, denak horien beharretan garen garaian.

Nor?

 

2003ko abuztuan sortu zuen Baptiste Arnaud koordinatzaile artistikoak Dr Troll konpainia, Tarn departamenduko Albi hirian.

2007az geroztik profesionala den konpainia honek hiru kide iraunkor ditu eta kanpoko noizbehinkako hogeita hamar bat aktore; azken horien trebetasunek sorkuntza proiektuak aberasten dituzte.

Magia da gure arte diziplinarik gustukoena; baina gogoko dugu hura aztertzea bertze arte batzuekin uztarturik. Hala, argazkilaritza, txotxongiloak, ipuina, poesia, musika eta itzalak ere sartzen ditugu gure ikuskizunetan.

Gainera, gure ikuskizunen formatuari munta handia ematen diogu. Izan ere, ikuskizun arras intimistak lantzen ditugu, emozio magikoindartsuak pizteko, jendearekiko hurbiltasun eta etxekotasun handiko harremana sortzeko, eta arte diziplina berezi hori ongi aurkeztu eta bizitzeko behar den neurri egokia errespetatzeko.

Magiari, irudimenari eta emozioei buruzko ikerketa eta esplorazio lanarekin segituz, espero dugu gure pasioa luzaz partekatzea.

Zer?

 

Gure proiektu berriak La Guinguette Magique du izena.

Ikuskizun honetan, ikusleak zinez murgilduko dira dantza ostatu baten giroan. Aire zabaleko terraza bat hedatuko da, mahai eta kadirekin. Guinguette izpiritua berriz kausituko dugu, eta haren ezaugarri diren girlandek eremua bazterkatuko dute.

Magialariek, zerbitzari gisa eta jatetxean bezala, menuekin errezibituko dituzte ikusle kuriosak. Menu horietan aukera anitz agertuko dira, hala nola mentalismoa, kartazko jukutriak, tranpa jokoak... Ikusleek nahi dituzten magiazko jukutriak hautatuko dituzte, artistek parte hartzaile guziei aurkezteko.

Karabana, estetika zehatza izateaz gain, magialariendako sukaldea ere izanen da, eta han prestatuko dituzte platerak.

Pourquoi ?

 

Proiektu hau 2019ko martxoa baino lehen abiatu zen baina, egun, are beharrezkoago kausitzen dugu.

Funtsezkoa eta presakoa iruditzen zaigu espazio goxo eta atsegin batean elkartzea. Eta memento on bat bizitzea eta partekatzea, sinpleki; akordeoi doinu batekin edo kartazko jukutriekin, ez du inporta.

Eta, oroz gainetik, jostatzearen plazer gozagarria sentitzea.  

Dr Troll VS COVID

 

Gure ofizioa errabia bat bezala dugu. Eta xantza handia dugu, gure arteari esker bizi baikara. Ikuskizunetako intermitente gisa aurten ordain saria jaso dugu; aldiz, bertze lan sektore batzuetan urtea anitzez gogorrago izan da, hala nola ostalaritzako langileentzat, behin-behineko langileentzat eta abar.

Hala ere, ikuskizunak ezeztatzen ikustea zinez gogorra izan da. Eta hori izan da gure kasua. Bereziki, gazteei zuzendu gure azken sorkuntzaren kasuan: Itzaal. Eta egia da, gainera, geroa ilun dela eta franko arranguratuak garela. Baina, 2020ko udan, soluzioak xerkatu eta bira bat egin genuen jendeen etxeetako baratzeetan. Eta esperientzia hori gure historiako ederrenetarik bat izan zen. Uda honetan ere formatu bera errepikatzeko xedea dugu.

Gauzak hobetuko direla sinetsi nahi dugu; eta, bistan da, Magian sinesten segituko dugu...

Informazio gehio