NANOUA konpainiarekin eleketan
Nor zira ? Zer egiten duzu ? Eta zergatik ?
Rencontre avec les artistes et projets de la saison pour découvrir la culture du point de vue des créateurs.
Nanoua konpainiaren zuzendaria Fanny Bérard-rekin mintzatu dugu, Kultura Euskaraz hitzorduan den ikuskizuna Kutxetan Ibilki aipatzeko hiru galdera inguru.
NOR?
Hurbileko eta bozkario publikoko ikuskizun bizia
Nanoua konpainiak objektu-antzerkia eta pailazoaren barreneko arintasuna uztartzen dituen ikuskizunak sortzen ditu. Baina, zergatik? Poesiaren bitartez elkartzeko eta proiektuak taldean hazteko!
Bakoitza, bere izaerarekin, begiradarekin eta berezitasunarekin, gure gizatasunen barne-barnera bidaia bat egitera gonbidatua da.
Irriaren poesiaren bidez, Nanouak bere Ontzi Artistikoan sartzen gaitu. Hala, errealitatea galdekatzen du, eta, bihurrikeriaz hanturik, errealitate hura "berrasmatzen" entseatzen da.
Ikuskizun bizia norbere buruaren eta bestearen (berriz) ezagutzeko bidea eta aukera dela uste du konpainiak. Ondorioz, bere sorkuntzetan, ardura kausitzen ditu ingurumen desberdinetarik jiten diren jendeak. Nanouak munta handia ematen dio kulturaren eta sozialaren arteko lotura sentiberak berriz asmatzeari. Konpainiaren ustez, elkarbizitzaren bi zutabe horiek hertsiki lotuak eta funtsezko balioen oinarriak dira.
ZER?
Konpainian aspalditik abiatu ditugu ondoko gaiei buruzko zenbait gogoeta: jendearekin harreman poetikoan sartzeko molde egokiak, kulturaren munduaren irekitasuna, jendeengana joatea eta kultura arras erakargarria duen Euskal Herrian errotzea.
Ondorioz, gaur egun funtsezkoa iruditzen zaigu gure errepertorioan euskara sartzea, eta, ondorioz, objektu-antzerkiaren eta euskararen bi mundu poetikoek topo egitea.
Maika Etxekoparrekin topo egitea erabakigarria izan zen eta gure nahiak gauzatzen lagundu zigun. Beraz, konpainiaren errepertorioko proiektu bat berriz lantzeko, harekin elkartu gara. Hala, Promenons-nous dans les boîtes ikuskizuna Kutxetan Ibilki bilakatu da.
Zer dio Kutxetan Ibilki ikuskizunak?
ZERGATIK objektu antzerkia?
“Gure objektu-antzerkian, jendeaz mintzo gara. Eta kitto!” Katy DEVILLE eta Christian CARRIGNON, Théâtre de Cuisine konpainia
Objektu-antzerkiak askatasun, esplorazio eta adierazpen eremu bat zabaltzen du, eguneroko objektuetatik abiatuz. Objektu-antzerkiak barneko eta kanpoko gauzak kontatzera bultzatzen du bestea, xumeki, intimoaren eta fikzioaren arteko mugan. Esparru irekia da; eta hor, dena da posible.
Hastapenean, fabrikatutako edo eguneroko objektua hautatzea, erabaki politikoa da – kontsumo-gizartearen kontra–; baina, azkenean, askoz haratago doan deliberoa da. Errealitatetik ateratako objektu mota horiek memoria kolektibo eta pertsonal arras indartsua dakarte.
Arte bizi honetan gustatzen zaiguna zera da: bakoitza hunkitu eta parte harrarazteko ahalmena du. Ikuslearen irudimenari espazio zabala uzten zaio, eta ikusleari aktore edo txotxongilo baten aitzinean baino inplikazio gehiago eskatzen zaio. Gehienetan, objektuak ez du irudikatzen; zerbait erran nahi du.
Baina, objektu-antzerkia ez da ilusio-antzerkia. Ikusleari ez zaio sinestea galdatzen; kodeak ulertu eta konplizea izan besterik ez du egin behar, hots, alegia egin horietan sinesten duela.
Objektu-antzerkia lengoaia bat da, poetika bat, etengabe berriz asma daitekeena. Objektu-antzerkian erdigunean dagoena ez da ez aktorea ez objektua, baizik eta bien arteko distantzia.
“Aski da objektuak doi bat inarrostea jendarte baten memorioa azaleratzeko. Ez gertakari handien memorioa; baizik eta arruntaren peko memorioa, Perec-ek zioen bezala; hots, bizitzaren arrasean dagoen memorio hura”.
Nanoua Vs. COVID-19
Orain, lehen bezala antzeztuko dut? Edo honi buruz bihar gehiago jakinen dut?
Ene iritziz, gaur, presa handia bada jokatzeko, elkartzeko eta gure maskarak kentzera menturatzeko.
Eta gure (des)orden finkatuak kordokan jartzeko, gure baratze intimoetan ohituraz errotik aterako genukeena hazten uzteko, gure sumendi basatiekin berriz konektatzeko, libreki eta indarkeriaren eta mesfidantzaren asfixiarik gabe arnasa hartzeko eta aukera zoro horretaz gozatzeko.
Eta gure barneko paisaiak eta gure ondoko pertsonak beste gisa batez begiratzeko, entzuteko eta maitatzeko. Eta harrigarria eta hordigarria denari leku bat uzteko.
Elkartzen gaituzten eta indartsu egiten gaituzten gauzekin aitzinatzeko. Gure ateak eta ahoak irekitzeko. Eta zubiak eraikitzeko!
Arte biziak elkargune izaten segitzeko, galdera anitz sortzeko eta honen alde borrokatzen jarraitzeko. Behin eta berriz, gure errealitateak, utopiak, bilgune intimo eta kolektiboak galdekatzeko eta aberasteko.
“Egunero, bizi berri bat hasten da!"
Zuen osagarriari…
Fanny Bérard
Kutxetan Ibilki ikuskizuna lurraldean biran izanen da denboraldi huntan!
- Zure etxtetik hurbil saioa atxeman ikuskizunen orrialdean
- Xehetasun gehiago Nanoua konpaini buruz, artisten orrialden
- Beste ikuskizun euskaraz ikusi nahi duzu? Kultura Euskaraz hiztzordua deskubritu!
- COVID-19 informazioa
- Udazken honetan kulturak ez du etenik!